XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PAKO ARISTI

Mundu honetako gauza guztiak omen daude liburuetan bilduak eta gordeak, kontatzeko eta deskribatzeko era anitz eta ezberdinen azpian babestuak, hala nola, ipuinetan, saiakeren seriotasunean edota nobela (on) baten atsegintasunean.

Gai horien artean, beharbada, denboraren iragaitea da literatura, saiakera eta hitzaspertu ororen gairik nagusietako bat.

Eta denboraren iragaitea gaitz gisa hartuta, sendagaia aurkitzea edota bere eraginak murriztu edo atzeratzea da fikzioaren inbentoreen helburua.

Behialako sermoilarien antzera, eurek jarraitzen ez dituzten aholkuak ematea.

Horretara dator orain dela gutxi irakurtzeko zoria izan dudan liburu zoragarri eta estrafalarioa, Luis Mateo Díez idazle liluragarriaren libururik ezagunena agian: EDADEAREN ITURRIA, 1987an Kritika eta Literatur Sari Nazionalak lortu zituen obra.

Leon izan zitekeen hiriburu ttiki batean, Kofradia berezi eta xelebre bateko partaideek duela urteak hildako abade baten eskuizkribuen berri izaten dute.

Abade haren teorien arauera, probintziako paraje batean bada lurretik sortzen den iturri bat, birtuteen txirrindaz osatutako likidoa isuri duena.

Handik edaten duena gaztetu egingo da etengabe, beti zahartzaroari ihesi joango zaiolarik.

Ez dute iturririk aurkituko ibilera ugariren ondoren, baina, hamargarren kapituluan, nahasketa metaforiko bat kontatuko zaigu.

Kofradiako emakume bakarra gizonezko batekin galduko da mendian.

Gaua haitzulo batean pasatzera behartuak, erdilotan daudela istil hotsa entzungo dute bazter batean.

Han dago lurretik sortzen den iturria.

Emozionaturik, hilabete luzeetako bilakaerak saria lortu duela pentsaturik, ito arte zurrupatuko dute ura.

Iturriaren emaitza freskoak, ordea, beste ezaugarri batzuk dauzka, gero agertuko zaigunez.

Inguruan edonork daki ur hori afrodisiakoa dela, eromen punttu bat eragiten duela.

Bikoteak maitasunean igaroko du gaua, biharamunean artzaiak haien uste okerra azalduko duen arte.

Hori da kofradiako inork EDADEAREN ITURRIA aurkitu duela uste duen une bakarra, maitasuna aurkitu eta bizitzen duen unea hain zuzen.

Eta ez da kasualidadea Luis Mateo Díez-en erreflexio hori, maitasunak gaztetu egiten bait du lehen astinaldietan, estraineko igurtzialdietan; gero, aldiz, bere freskura eta ezusteetako ahalmena kontserbatzen jakin ez baldin bada, bikoiztu egiten ditu zartateko bakoitzaren zimurraldiak.

Oren horretan aldaketa komeni da eta hori izan da azken urteotan idazle ospetsu askok jarraitu duen bidea: askoz ere gazteagoak diren emakumeez maitemindu eta elkarbizitzen hasi.

Camilo José Celak, adibidez, urteetan eskuizkribuak txukunera pasatzen zizkion emaztea utzi, eta hogeitamar urte gazteagoko batekin gozatu zituen Nobel sariaren egun eztiak.

Alberto Moraviak mozika nafar baten ondoan igaro zituen bere azken urteak.

Rafael Alberti zuhurragoa izan zen eta, bere buru erromanoak ageri duen duintasuna izakerara zabalduz, Teresa de León maitea hil arte itxaron zuen literaturako irakasle gazte batekin ezkontzeko.